orrialdeak

2011-05-04

MANDALAK HISTORIAN

Jadanik neolitoan, gizakia nomada izateari utzi eta sedentario
bilakatu zenean, sinbolo magikoak marrazten hasi zen.
Salisburyko lautadako Stonehnge (Inglaterra) da, agian, Neolitoko
mandalarik garrantzitsu eta ezagunena (nahiz eta hori
eraikitzeko benetako helburua zein izan zen ez jakin).

Antzinako Egiptoko piramideetan ere badaude mandalak irudikatzen
dituzten grabatuak. Kontzentraziorako oinarrizko elementu
gisa azaltzen dira mandala horiek, bai eta tokiko energia
positiboa aktibatzeko, meditazio sakonerako edo buruaren eta
adimenaren gaitasunak areagotzeko ere, besteak beste.

Druiden artean, Txinako zibilizazioan edo Mexikoko piramideetan
ere aurkitu dira sinbolo mandalikoen aztarnak.

Hedapenik handiena ekialdean izan dute mandalek, hinduen tradizioaren
laguntzaz. Sinbolismo handiko irudi konplexuak izatera
iritsi dira mandala horiek.

Esaten da Padma Sambhava (K.a VIII. mendea) guruak Indiatik
sartu zituela mandalak Tibeten. Ordutik hona, mandalak zeremonien
eta irakaskuntza tibetarraren parte dira, eta arroz- eta
harea-alez, pinturez edo kolorezko hariz egiten dira.

Dena den, hinduismoak eta Indiako mendebaldean praktikatzen
den budismoak meditaziorako nahiz arkitekturako irudi gisa erabiltzen
ditu mandalak; ekialdeko beste erlijioetan, ordea, mandalak
ez dira hain biziki irudikatzen.

Antzinatetik daude Txinan ere elementu erlijioso edo arkitektoniko
gisa erabiltzen diren mandala sinbolikoak. Horrez gain, esan
da, I Ching (aldaketen liburua) osatzen duten formak mandalikoak
direla, kosmologia txinatarraren arabera azaltzen baitu unibertsoaren
osaera, existentziaren jatorriaren sinboloa den Wu Gi
zirkuluaren laguntzaz. Feng Shui eta medikuntza txinatarra teknika
mandalikoak dira; horien arabera, ongizate fisiko eta espiritualak
gorputz-energiaren orekarekin lotura estua baitu.

Mandalak mendebaldean. Europan, eraikuntza sakratuetan erabili
dira mandalak, besteak beste, katedral gotikoetan eta beirateak
osatzen dituzten arrosa-lehioetan. Kristau-erlijioko nahiz
islameko irudikapen horien guztien arrazoi sakon eta sakratua
fededuna jainkoarengana hurbiltzea da.

Gaur egun, mandalak erabiltzen dira oraindik budismo tibetarrean
(bai Tibeten, bai erbestean dagoen gobernuan), bai eta
Ameriketan ere; hain zuzen ere, Ameriketako hainbat tribuk
mandalak egiten dituzte koloretako hariz eta lumaz.

Mandalen eragina duten kultura guztietan, irudi zirkularren
bidezko kontenplazioa edo otoitzaren eginkizuna oso garrantzitsua
da bizitza espiritualean. Hori da bide bakarra, gizakiak bere
barneko orekara –bere energia-iturrira– itzultzeko bidea aurkitzeko,
horrek batzen baititu sakabanatutako gogo-energiak eta
itzultzen baitio unitatea. Mota horretako kontenplazioari “meditazio”
deritzo.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

ESKERRIK ASKO PARTE HARTZEAGATIK.