orrialdeak

2011-04-14

NOR ZEN IQBAL MASIH? ZERGATIK GOGORATZEN DUGU?


Biografia

Iqbal Masih 1982an jaio zen. Haren aitak hamabi dolarren truke saldu ondoren, bost urte zituela, oso egoera txarreko lanean hasi zen. Familiak arrebaren ezkontzako zorrak kitatzeko behar zuen diru hori.
Iqbal egunero ia hamabi orduz ehungailu batera kateaturik lan egitera behartu zuten. Egunean rupia bateko soldata zuen, egungo euroko hiru zentimo, alegia. Askotan saiatu zen zuzendariarengandik ihes egiten, eta harrapatzen zutenean berak “hilobia” deitzen zuen putzu beltz batera jaurtitzen zuten zigortzeko.
1992ko egun batean, fabrika-espetxetik ihes egitea erabaki zuen eta Ume Langileen Askatasunerako Frontearen manifestazio batean parte hartu zuen beste ume batzuekin batera. Askatasunaren Eguna ospatzeko antolatutako manifestazio horretan, Iqbal bere kabuz hasi zen bere istorioa eta alfonbra fabrikako beste umeek jasaten zuten sufrimendua kontatzen.
Sindikatuko abokatuek haurren esplotaziotik askatzen lagundu zioten, eta Eshan Ullah Khan-ek, BLLFko idazkariak (Iqbal lurpeko zulo batean sartuta aurkitu eta fabrikako zuzendaria atxilotzea lortu ondoren) ikastera eta haurren eskubideen alde lan egitera bultzatu zuen.

Haurren eskubideen aldeko lana

1993tik aurrera, Iqbal bere herrialdeko haurrek jasaten zuten eskubide faltari buruzko mintzaldiak ematen hasi zen hainbat herrialdetan: alde batetik, iritzi publikoa sentsibilizatzeko, eta bestetik, munduko esklabotzari eta haurren nazioarteko eskubideei buruzko eztabaida irekitzeko. 1994ko abenduan, Reebok zapata markak 15.000 dolarreko saria eman zion, eta diru horrekin berak bere herrialdean eskola bat finantzatu nahi izan zuen.
Stockholmeko mintzaldi batean zera baieztatu zuen: “Haur batek ez luke inoiz lan tresnarik hartu beharko. Haur batek erabili beharko lituzkeen lan tresna bakarrak bolalumak eta arkatzak dira”.
Estatu Batuetako ipar-ekialdean dagoen Waltham-eko Brandeis Unibertsitateko diru laguntza jaso zuen, baina uko egin zion: Pakistanen gelditzea erabaki zuen hango haurrak laguntzen jarraitzeko eta bere esperientziatik zerbait baliagarria ateratzeko. Jarraitu zuen beraz alfonbra egileen mehatxuak jasotzen, beraientzat arrisku bat zelako.
1995eko urtarrilean, Lahoren, haurren esklabotzaren aurkako konferentzia batean parte hartu zuen. Berari esker, ia hiru mila esklabo haien infernutik atera ziren: nazioarteko presioari esker, Pakistango gobernuak hainbat alfonbra fabrika itxi zituen.
Lan gogorra eta elikadura faltarengatik, Iqbal ez zen modu egokian hazi: hamar urterekin zahar aurpegia eta eskuak hondatuta zituen, txikitan egindako etengabeko lanarengatik. Hamabi urterekin sei urteko ume baten pisua eta altuera zituen.

Hilketa

1995eko apirilaren 16an, Pazkoko egun batean, bere amonaren etxetik gertu zegoen hondartza batean bere kometarekin jolasten ari zenean, Iqbal erail zuten, Lahoretik gertu zegoen Chapa Kana aldean, 12 urte zituela. Hiltzaileen kontrako epaiketak ez zituen erailketaren xehetasunak guztiz argitu, baina garbi gelditu zen bertako “alfonbra mafia”ko sikario batek hil zuela.
Pakistango poliziak, segur aski mafiarekin elkar hartuta, zera idatzi zuen bere txostenean: “erailketa nekazari baten eta Iqbalen arteko liskarraren ondorioa izan da”.

Egun hartatik aurrera, APIRILAREN 16AN, bere heriotzaren egunean, Haurren Esklabutzaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Toki askotan jendea bildu egiten da eta mota askotako ekintzak egiten dira mundu osoan, milaka eta milaka umek pairatzen duten arazo honi aurre egiteko.

3 iruzkin:

  1. Gasteizen,korreoz enparantzan IQBAL MASIH omenez egindako irudi bat dago. Gonbidatzen zaituztet ikustera, txikia da baina oso polita.

    ErantzunEzabatu
  2. oso ondo esaten du nork den Iqbal Masih eta zergaitik gogoratzen dugun (Bizitza gogorra izan zuen).

    ErantzunEzabatu
  3. andrea s. 4.a11/5/3 (17:32)

    hau bai dela tristea

    ErantzunEzabatu

ESKERRIK ASKO PARTE HARTZEAGATIK.