orrialdeak

2011-09-13

KATUEN TXILINA

Garai hartan saguak urtero biltzen ziren. Mundu osokoak elkartzen ziren: Japoniakoak, Amerikakoak, Italiakoak... Zuriak, grisak, beltzak, hirikoak, basokoak... Guztiak onartzen zituzten batzarrean.
Batzar hoietako batean katuei aurre egitea erabaki zuten.
Nahikoa zen! Erruki gabeko sagujale haiekin nazkatuta zeuden! Nazkatuta haien bibote luzeekin eta nazkatuta, batez ere, haien erpe zorrotzekin! Bakean bizi nahi zuten, beldurrik gabe, mehatxurik gabe.
Zer egin, ordea? Han bildutako guztiek hitzegin zuten. Berriketak etorri ziren, eztabaidak, erabakiak eta, azkenean, borrokak. Ez ziren ados jartzen. Han ez zeuden iritzi bereko bi sagu. Zelako saltsa! Ikustekoa izan zen!
Halako batean sagu eme batek hartu zuen hitza eta isiltzeko esan zien beste guztiei.
-“Lasai, denok gaude ados, lagunok. Bai, katuak gure arerioak dira, gure etsaiak. Beraiek eragiten dituzte gure arazo guztiak. Munduko piztiarik krudelenak dira. Pentsa, batzuetan lehoiak ere errukitu egiten dira gurekin, baina katuak inoiz ez. Katuek amaigabeko pazientzia dutenez, beti egoten dira gure zain. Katu zikinak! Buztanetik harrapatzen gaituzte eta kozka egin aurretik gurekin jolas egitea gustatzen zaie. Eta gainera, hain dira isilak!”.
- “Aizu, hori badakigu”. -Moztu zion sagu handi batek-. “Berriketak alde batera utzi eta kontaiguzu zure ideia. Azkar”.
-“Erraza da” -esan zuen sagu emeak-. “Nahikoa da katu bakoitzari txilin zaratatsu bat lepotik jartzea katuei ziria sartzeko”.
Saguek oso pozik hartu zituzten hitz haiek. Txaloka hasi ziren. Oso ideia ona zen! Txilina! Nola ez zitzaien aurretik bururatu? Ahobatez onartu zuten ideia hura eta oso pozik itzuli ziren etxera. Mundua aldatzeko zorian zegoen, zalantzarik gabe. Akabo katuen erregetza!
Orduan, katuek zergatik jaten dituzte saguak oraindik? Txilinek zarata gutxi egiten dutelako?
Bai zera! Ez da horregatik. Badakizue zein izan zen arrazoia? Susmatzen duzue, ezta? Katuei txilina jartzeko sagu ausartik ez dagoelako zoritxarrez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

ESKERRIK ASKO PARTE HARTZEAGATIK.